martes, 6 de diciembre de 2011

Iñigo Iraultza Garcia “Iru”, aktorea: “Eltze askotako burruntzalia izatea gustatzen zait”

Iru_sondikan


t: Gaizka Eguskiza / a: GE, “Iru”
Hainbat lekutan ikusi dugu Iñigo Iraultza García “Iru” (Bilbo, 1976): telebistan, antzerkian... Izatez aktorea da, baina dantzaria, idazlea eta zuzendaria ere bada. Erabateko artista. Urtarrilean Sondikara hurbildu zen, eta han gazteen arteko elkarbizitzaren aldeko antzezlana aurkeztu zuen.

Gazteen arteko elkarbizitza sustatzeko ekimenean hartu duzu parte. Zer deritzozu hari?
Ikuskizunean gazteekin hitz egiten dugu: gatazkak bideratzeko moduak, enpatia lantzearen eta entzutearen garrantzia… Gure emozioak ezagutu eta horiek gidatzeko pista txiki batzuk ematen saiatu gara. Saioan elkarri ulertzeko beharrezkoak diren oinarrizko balioak aurkezten dira, modu ludiko eta dinamikoan, eta gazteak dira protagonistak. Nire ustez, beharrezkoa da honelako gaiak lantzea, gure eguneroko bizitzan besteekin komunikatzeko gai izateko. Bestalde, lan talde polita osatu dugu: Maite Bayon eta Jon Urraza aktoreak, Olof eta Invert raperoak... Oso gustura ibili gara!

Nolako ikusleak dira gazteak?
Oso zorrotzak dira. Ikusle errazak ez dira, baina, beraien arreta lortuz gero, esker onekoak dira, hunkitu egiten dira eta zirrarak helarazten dizkizute. Gazteekin lan egitea asko gustatzen zait.

Dantzaria, aktorea, zuzendaria.... Erabateko artista, ezta?
Betidanik gustatu zait eltze askotako burruntzalia izatea. Atal bakoitzean gozatzen dut, eta, guztiak elkarri lotuta daudenez, bakoitza beste ikuspegi batetik aztertzeko aukera dut.

Nondik datorkizu grina?
Institutuan ez nintzen ikasle ona izan: ez nengoen oso motibaturik. Hainbat gauza probatu ondoren, antzerki eskola batean sartu nintzen, baina zootik ihesi doan elefante baten antzera atera nintzen hortik, hau da, nahastuta eta korrika. Hainbat urte eman nituen korrika, antzerkiari buruz ez nuela ezer jakin nahi. Orduan, FTIrekin (Fábrica de Teatro Imaginario) obra bat egin eta berriro sentitu nuen deia. Ertza konpainiarekin dantza eta antzerkia egin nituen. Gero, hainbat telesaiotan egin nuen lan: Goenkale, La que se avecina, Escenas de matrimonio... Ondoren Mikel Ramirez, Iban del Campo, Patxi Urkijo eta beste batzuekin aritu nintzen, eta La Pez sortu genuen. Idazten eta zuzentzen ere ibili naiz, eta erabat gustatzen zait.

Zer da La Pez?
La Pez komando artistikoa da. Antzerki Laborategia da, ildo hauek jorratzen dituena: jokoan oinarritutako lan egiteko modua, hainbat hizkuntza elkartzea eta ikusleekin zuzeneko komunikazioa lantzea. Bilaketa iraunkor batean murgilduta gaudela jorratzen ditugu horiek guztiak.

Ezohiko ekimenetan hartu duzu parte, ezta? Zer da egin duzun gauzarik arraroena?
Oraindik lantzen gabiltzan ekintza bat: Kinki Sozial Klub. Pertsona talde batek osatzen du kluba, eta haien artean zorro-lapur profesionalak ere badaude. Publikoa konturatu gabe, euren poltsa, motxila edo patriketan opariak sartuko ditugu. Ekintza poetiko bat da, gazteleraz esaten dugun moduan, un acto delincuentemente poético. Pixkanaka-pixkanaka joango zarete proiektu honi buruz gehiago entzuten.



Olentzeroren biloba
Hainbat proiektutan hartu du parte Iruk, eta haietako batek oihartzun handia hartu zuen lehengo abenduan. Izan ere, Olentzeroren biloba bilakatu eta Afrikara abiatu zen. “Gabonetan Olentzero ibili nintzen lanean, eta umeen gutunak jasotzen nituen. Haietan, kanpoko haurrek (Maroko, Senegal, Kolonbia…) euren jatorrizko herrialdeetan bizi direnentzat ere eskatzen zituzten gauzak. Orduan bururatu zitzaidan: Olentzerok munduan zehar bidaiatu behar zuen, eta Euskal Herrian bizi diren umeen opariak eraman behar zizkien urrun bizi diren familiarrei”.
Horrela jaio zen Arraun the world ekimena. Izena hitz-jokoa da: ingelesez (around the world) “munduan zehar” esan nahi du, baina Iruk “arraun” hitz euskalduna gaineratu dio. “Arrauna ezinbestekoa da proiektu honetan. Itsasoaren ondoan bizi garen guztiok beti daramagu hura geure barnean, eta arrauna eramateak hori gogorarazten digu”.
Esperientzia “ikaragarria” izan da, Iruren hitzetan. “Familiek esker handiz eta hunkituta hartzen dituzte gutunak, eta duten guztia eskaintzen dizute”. Bidaian momentu bitxi asko bizitzeko aukera izan du Olentzeroren bilobak. “Euskal Herrian bizi den mutil baten aitaren bila ibili ginen, eta haren argazkia besterik ez geneukan; beste behin, familia baten alaba batekin ezkondu nahi ninduten... Txarrena bueltatzea izan zen. Benetako abentura izan da!”.
Abenduan Afrikatik ibili da Iru, eta datorren urtean gutunak banatzen jarraitzeko asmoa du, ziurrenik Hego Amerikatik. “Bai, dagoeneko hurrengo Arraun the world hasi naiz prestatzen. Oraindik zehazteke dago, baina Olentzeroren bilobak badu abenturak bizitzeko gogoa!”.

Fuente: Revista Aikor
http://www.aikor.com/artikulua/846?actual=0&items=10&cat=2

No hay comentarios:

Publicar un comentario